2025(e)ko abenduaren 2(a), asteartea

LOREAK ZARAMAN (nola landatu ziren)



Milurteko berria hasi zen eta den-denak berdin jarraitzen zuen. 

2000. urterako egindako aurreikuspen fantastiko haiek guztiek huts egin zuten. Ezagutzen 

genuen tresnarik “futuristena” telefono mugikorra zen, zerbait bitxia hasieran, baina 

ezinbestekoa eta nahiko gogaikarria gero.

Ez ginen espaziontzietan ibiltzen, ez zegoen inondik ere auto hegalaririk, eta ezin ginen 

telegarraiatu, komikietan ikusia genuen bezala. Etorkizunak iragana antzera jarraitzen zuen: 

lanpetuta eta logureaz. 

Ez zen gertatu, ezta inondik ere, ordenagailu guztiak kolapsatuko zituen 2000-efectuaren

mehatxu inozo hura. Izan ere, milurteko berria “Fake News” erraldoi batekin hasten zen, 

iristear zeuden garaietako adierazgarri ezinobea.

Niretzat aldaketa askoko garaiak ziren haiek. 2001ean nire bigarren alaba jaio zen eta ni 

telebista-ekoiztetxe batean lan egiten nuen gidoilari gisa eta zenbait programak zuzentzen.

Irrikitan nengoen ZARAMA taldean bizitako gorabeherak idazteko. Liburu bat osatzea nuen 

ametsa.,baina nola demontre lortuko nuen?. Telebistarako lanean ez zegoen inongo

ordutegirik , goizeko bederatzietan hasi eta gaueko hamaiketan bukatu ninteke ia egunero eta 

etxean ez ziren, hain zuzen, egun lasaiak, neska txikiekin beharrean gora eta behera, behar 

goxoak neurri handi batean, baina etengabeko beharrak azkenean. 

Egunen batean liburu hori idazteko astia izatea nuen amets. Neure burua irudikatzen nuen 

hiriko eraikin bateko gela batean, Bilboko erdigunean. Bai, ez galdetu zergatik. Ez nuen 

pentsatzen urrutiko txabola batean, txakur bat ondoan eta landetako bidezidorretatk paseo

luzeak egiten, beste idazleek desiratzen duten legez. Neure burua bakardadean idazten ikusten 

nuen, leihotik autoak pasatzen ikusiko nituen bitartean.

Eta miraria gertatu zen, patuaren oparia izango bailitzan. Zuzentzen nuen programa K2000ko 

estudioetan grabatzen zen, Galdakaon, Bilboko kanpoaldean. Priektu horrekin amaitu ondoren

ekoiztetxearen bulegoetara itzuli nintzen, Bilbo erdialdera, eta han bulego bat neukan zain. Nire 

lan-bizitza osoan halako zerbait gertatzen zen aldi bakarra zen hura eta oso denbora gutxi iraun 

zuen. Patua nire alde?

Hilabeteko epean beste programa batean sartu eta erritmo bizia berreskuratu beharko nuen, 

baina bitartean, alfer eta bakarti ikusi nuen neure burua, pisu baten barruan zegoen bulego 

batean, Bilboko erdigunean. Liburu horren egitura nire buruan bor-bor zegoen. Tekleatu 

besterik ez nuen egin behar. Eta hala egin nuen. 2001eko abendu hartan, saltoki handi batzuen 

Gabonetako soinuak eta punkie arlote baten txirula narritagarria iristen ziren kaletik, 

"perroflauta" terminoa zabaldu baino lehen.

Ez nuen biografia bat egin nahi. Istorio bat kontatu nahi nuen.

Billie Wilderrek zioen gidoi on batek ikuslea harrituz eta jakin-minez utziz hasi behar duela. 

Horixe bera egin nahi nuen nik. Istorioa eszena basati batekin hastea ondorengo pasadizoen

interesa sortuz. Beraz, Eibarko emanaldi basati hura gogoratu nuen, non ia akabatzen

gaituzten. Horixe izango zen hasiera, bai jauna. Gainerakoa maldan behera etorri zen.

Argitaratzeko orduan ez zen batere erraza izan Loreak Zaraman-erako bidea. Argitaletxe bakar 

batek ere ez zuen interesik agertzen (gehienak ez ziren erantzuten saiatu ere egin), eta, 

azkenean, doan eskegi nuen sarean, nire lagun Niko Vazquezen eskaintzari esker. 

Hilabete batzuk geroago, Zirkus, Illargi-Discos Suicidas argitaletxearen atalan argitaratu zuen

paperezko formatoan, diseinu grafiko bikainarekin, nire lagun (eta Zaramaren lankide) Alfonso 

Herreroren eskutik.

Harrezkero, liburuak berri onak besterik ez dizkit eman: hainbat berrargitalpen (horietako bat 

Argentinan) eta kritika on ugari lortu ditu. 

Azken albiste ona, hain zuzen ere, berrargitalpen berri hau da, “Liburuak” argitaletxearen 

eskutik. Horrekin, euskarazko katalogoa inauguratzen da. 

Loreak Zaraman, berriz, pasio partekatu baten istorioa da, egia bihurtutako amets batena, 

denbora eta leku batena. Bihotzez eta zintzotasunez idatzia.

On egin diezazula.


2025(e)ko azaroaren 9(a), igandea

HAU BAI DELIRIOA


 Laurogeiko hamarkada azken txanpara iritsi zen. Kortat-tsunamiak masa-fenomeno bihurtu zuen urte gutxi batzuk lehenago gaztetxeko eta frontoiko underground-a zena.

Tarta  banatua zegoela zirudien, eta Euskal Hernia bezalako eremu txiki batek ezin izango zuela fruitu gehiago eman. Ez, behintzat, ezagutzen ziren formulak errepikatu gabe. Eta orduantxe hain zuzen,  iritsi zen maketa hura.

Ez dakit nola iritsi zen nire eskuetara, baina bai lehen aldiz entzun nuen tokian: Radio Euskadiko gauetako ordu nagusiak betetzen zituen saio sinestezin hartan izan zen: Pablo Cabezaren "Alguien te está escuchando". Soinu eferbeszente hura, Mutrikuko euskarazko testuak botatzen zituen sudur-ahots hura...

Hiru kantu aski ziren entzulea harrapatzeko, soinu horrekin, letra horiekin, ahots horrekin ... maitemintzeko. 

"Asko", "Kontuz" eta "Porky". Lehenengoak orain batzuek berreskuratu nahi duten soldaduskan kokatzen zen . Bigarrenak espazio propioaren aldeko aldarria egiten zuen eta hirugarrenak Ajuria Enea okupatzeko "Porky" txerritxoaren hautagaitza aurkezten zuen. Izenburu laburrak power trio baterako, norbaitek "Kantauriko Sex Pistols " bezala definitu zuena. Etiketak makalak izan ohi diren arren, definizio hura ez zebilen oker. Delirium Tremens basatiak eta apartsuak ziren, hala nola Saturrarango olatuak eta haien eszenaratzea, Andoni Basterretxea buru zutela, ezin erakargarriagoa zen.

Behin baino gehiagotan ikusi nituen lehen sasoi hartan. Maitasun handiz gogoratzen dut igande arratsalde hura, Bilboko Gaztetxean eta beste bat Aste Nagusian, "tokiko bandak" atalean.Behin eta berriz entzungai ziren gure garaiko santurtziar gordelekuan, "La Herradura" (La Herra guretzat). "Kontuz, hemen ibili behar naiz" esaldia mantra bat bezalakoa zen gure eguneroko txantxetan.

Gero, askotan gertatzen den bezala, arrakasta handia etorri zen. Bandak Iñigo Muguruza handia fitxatu zuen eta bere lehen albuma misil bat bezala funtzionatu zuen. Haren soinua eta eszenaratzea nabarmen hobetu ziren, baina jada ez zen gauza bera. Gogoan dut Plaza Berrian bolo-bolo ibili ginela, sardinak latan bezala.

Hala ere, argitaratzen ari ziren kantu ugariez gozatzen jarraitu genuen: Boga Boga, Ezin Leike, Ni Naiz Naizena, Sua, Ikusi eta Ikasi...

1991n bat-batean desegin izanak harritu ninduen, eta are gehiago kantu indartsu horrekin agertokietara itzuli izanak: Ordago, bideoklipean ematen diren bezalako zaplasteko  ederra ematen ziguna.

Hilaren 29an Deliriumek agur esango dute berriro eta oraingoan beraiekin agertokia partekatzeko zortea izango dut. Lehenengo JAN! talde berriarekin egingo dut, Bilboko Santana 27 aretoan ikuskizuna irekitzeko ohorea eskaini baidigute. Geroago, Tontxu eta biok haiekin batera igoko gara taula gainera, Gasteizko Gaua abesteko. Abesti horretan, 1976ko sarraskia gogoratzen dugu, greban zeuden bost langile  hil baitzituzten inongo epairik gabe. 

Beraz, hemen gaude, boloa prestatzen gaztetxoen ilusioarekin, Deliriumi bihotz-bihotzez eskerrak ematen aukera hau eskeintzeagatik. 

Hau bai delirioa.

2025(e)ko abuztuaren 30(a), larunbata

NIRE AITAREN FABRIKA


Mikel Toral eta Txutxi Paredesen dokumentala, Bilboko itsasadarreko eta inguruetako industrializazio biziko urteei buruzkoa. Garai hartan siderurgiak dena baldintzatzen zuen, onerako eta txarrerako.


Paisaia eta bizimodu haien nostalgiatik eta oroitzapen bitxietatik harago, dokumental honek eta haren ahalmen oroigarriak XXI. mendearen hasiera honetan hobeto birpentsatzera behartzen gaituzte, izan ginenaren hausnarketatik eta izango garenarekiko eta ondoren etorriko direnekiko proiekzio koherente eta solidariotik abiatuta. Ikusezin bihurtutako historiaren parte den langileriaren aldarrikapen historikoa da, haiek gabe nekez azal baitaiteke oraina eta etorkizuna. Ez ahanzturarik, ez iraganaren mitifikazio nostalgikorik. Aitzitik, ‘Aitaren fabrika 'bezalako proposamenekin, iraganera eta, aldi berean, etorkizunera begira jartzen gara, hainbeste lan eta borroka eskertuz eta aitortuz. Memoriarekin norabide ziurra dagoelako.


Imanol Larzábal, Oskorri eta Zarama soinu-bandan.

2025(e)ko maiatzaren 31(a), larunbata

THE "BURDIÑA SPEECH"


2015ko Maiatzaren 29an "Burdiña Saria" eman zidaten Sestaoko Liburutegian. Nire lagun eta lankide ohia Jon Etxebarrik grabatu zuen hitzaldia.Mila esker. Ekiyopa!!

2025(e)ko maiatzaren 23(a), ostirala

ROBERTO MOSO BURDIÑA SARIA 2025


Burdiña Kolektiboak, burdinaren kultura sustatu eta jarraitzeko asmoz sortua, 25 urte bete ditu aurten. Denbora honetan zehar, urtez urte, Bilboko itsasadarreko industria eremuan kultura eta elkarbizitza sustatzeko lanagatik pertsona eta talde nabarmenak saritu ditugu. Ramiro Pinilla, Orfeón de Sestao edo Raquel Alzate dira adibide batzuk. 

Edizio honetan Roberto Moso santurtziar musikari, kazetari eta idazlearen lana saritzea erabaki dugu. Horrenbestez, euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lana balioztatu  nahi dugu, bai kazetaritzan, bai musikan. Esparru hauetan bere sustraiak eta Burdiña kolektiboan sustatzen ditugun balioak nababariak izan baitira.

2025(e)ko urtarrilaren 29(a), asteazkena

LONDON CALLING ELEBERRITIK HARTUTA.

 


Zaramaren kontertua ikusi zuten distantzia zentzuzko batetik, neskek hala eskatuta, ez oso urruti, ondo entzun eta ikuskizuna gozatzeko, ez oso hurbildik, pogoak eta bultzakadak ekiditzeko. Santurziarren kontzertua guapo egon zen, punk doinu zuzenak nagusi, Egunaz, gabaz, arratsalder, zeta eta jeep eta tanketagaitik, bildur naiz, reggeari tartea utziz zenbait unetan, Gau ondoren heldu zen goiza, kaleak gorriz tindatuak, lelo itsaskorrak guztion ahotan, Beti galdetzen nabil, zaramaren erdian, hemendik nola ateratu... guzti-guztiak euskaraz, kantaria gehientsuenetan zaleei gaztelaniaz zuzendu arren, akaso oholtzaren aurrealdean bildutako punkar kuadrillak ulertuko ez ziolako ustean, uste okerrean, uste ustelean.

Azken akordearen oihartzunarekin batera, txosnarantz egin zuten lagunek katxi berriak eskuratzeko asmoz, ahalegin handiz, ezen jendetzaren artean bidea zabaltzea, bidezidortxoa sikiera, ez baitzen egiteko samurra. Helmugara iritsita, ukondoak baliatu behar izan zituzten nola edo hala edaria eskatzeko, oholtza gainetik kantatu berri zutenez, goazen borrokara!

Hurrengoak ikusteko aurrerago joan beharko dugu, esan zien Josuk lagunei, katxiak eskurik esku zebiliza, ikusiko duzue, brutalak dira!


"London Calling" izeneko liburutik hartuta. 

Musika asko sartu du Goio Ramosek Zubikarai beka irabazitako bere estreinako eleberri honetan: taldea eratu, kideak topatu, abestiak sortu, kontzertuak bilatu, maketa bat grabatu... Baina rock'n'rollaz gain presente daude nobelan garaiko gertakariak, pil-pilean zegoen gizartea, droga, politika, gatazka sozialak... baita lehen amodioaren txinparta ere, uste baino gehiago kixkaliko duen sugarra.